NABARRA IZAN DA EUSKARAREN KABIA


NABARRA IZAN DA EUSKARAREN KABIA

Aitzol Altuna Enzunza



Euskaldunen erreinu independentearen historia gure egi historikoa da baina baita gure gaurko errealitatea. Era berean, herri honen askatasun bidean, “indar-idea” bateratzailea izan daiteke, edozein arma konbentzionalak ez duen potentziakoa. Ez dugu Estatu baten izena eta izana asmatu behar, duguna inbaditzaileengandik askatzea baino. Gure asaben 1000 urteko askatasunerako borrokari ezin diogu entzungor egin ezta gutxiago mespretxatu. Irabazitako maila da, mundu zabalean nafar bezala ezagutuak izan gara, horregatik, arma politiko hain indartsua eskertzea besterik ez dugu egin behar.

Gizakiak inoiz sortutako arma politiko indartsuenaren jabe izanak bakarrik azaldu dezake gure herriaren bizirautea. Estatu baten existentziak besteen Estatu guztien beharra dakar, bestela jai duzu. Argi eduki behar dugu bizi iraun badugu, garai batean gure Estatua sortzeko gai izan ginelako dela, gure Herriaren indar guztia batuz eta bertan depositatuz.

Euskaldunak hemen gaude, Europa XXI. mendea, eta gure izaera mantentzen dugu, ez gure mendietan galduak ibili izan garelako historian zehar, baizik eta Europan Estatuak hedatu zirenean Mendebaldeko Erromatar Inperioa jaustean, gure indarrak batu genituelako geurea defendatzeko: Nabarra Estatua, baskoi edo euskaldun Herrikoa. Horregatik ezin dezakegu ezer eraiki errealitate horri bizkarra emanez hari sordun baikara, gure gurasoei gaur hemen egoteari sordun garen bezala. A. Tobar eta K. Mitxelenak 1968. urtean esan zuten bezala: “La lengua vasca se conservó probablemente porque los vascos como los cántabros se rebelaron contra los invasores y no llegaron a ser incorporados a los reinos francos y visigodos”.

Gure hizkuntza galtzearen lehen arrazoia eta argiena euskarak Estatu baten babesa galdu zuela da, lehenendo inbaditua izan zen eta gero bere lege edo Foruak ezabatuak. Estatu baten babesa duten hizkuntza guztiak indartu egiten dira, Estatu bateko hizkuntza ofiziala ez direnak ez daude inoiz sasoiko. Ez dago kontrako adibiderik, Irlandako gaelikoa salbu, Estatua lortu zutenerako oso ahul zegoelako, ea hori ez den gure kasua, Estatua berreskuratzerakoan euskara erdi hila egotea.

Baina badago Estaturen indarra agertzen duen kasu paradigmatiko bat: hebreera hizkuntza hila zen, liturgiara mugatua, eta gaur Estatu hizkuntza izanik milioika hiztun ditu. Beste adibide esanguratsua latina da: Europa, Afrika eta Asian hitz egin zen, gaur egun…Vaticano Estatuan soilik… guztiz adierazgarria.

Euskaraz hitz egitea ez da bakaneko pertsonen eskubidea. Ze eskubide eduki dezaket euskaraz hitz egiteko espainol ejertzito eta poliziak euskaldun guztiei gure hizkuntza hitz egitea debekatzen badigute? Eta hori 40 urtez gertatu zen. Baina oraindik gertatzen da, lausoago baina bardin, haurrak erdera hutsean eskolaratzen direnean, administrazio zentralek erderaz ari direnean edo eta 100 telebista katetik 2k bakarrik euskaraz daudenean. Uler erreza da, aske bizi ez den Herri bat ezin dela herritar askeez osotua izan, eskubide kolektiboak indibidualen aurretikoak dira edo, hobe esanda, hauen bermatzaile dira: euskal Estatu batek bakarrik bermatu dezake bere herritarrek euskaraz hitz egitea. Ez dago kontrako adibiderik munduan, Estatu hizkuntzek bakarrik dute bermatua kalean, hedabideetan, politikan eta edonon erabiliak izatea.

Arazorik gabe esan daiteke Nafarroako Erresuma euskaldunena dela. Arturo Kanpionek esaten zuen, baita Menendez Pidalek ere, espainiarren artean. Azken horrek Nafarroako Erresuma homogeneoki euskalduna zela esan zuen. Anacleto Ortuetak bizkaitarrak, XIX, mendearen hasieran, esan zuen: “Sancho III el Mayor eligió sabiamente las fronteras del Estado Vasco, pues los límites que dio a Navarra fueron los geográficos naturales. Es el genio tutelar de la nacionalidad vasca. Gracias a él vivimos como pueblo”. 

Jose María Lacarra historialariak Nabarrako erreinua sortu zeneko garai haietaz idazten zebilela, Gaztela eta Aragoiren presio armatuak “acentuarán la unión y contribuirán a formar la conciencia nacional” adierazi zuen. Defentsa beharrak, hizkuntza, kultura eta ohitura berekoa izatea gure burua nazio bat bezala ikustera ekarri zuen, nazio nafarra, euskaldun herrian oinarritua (informazio zehatzagoa artikulu honetan: https://lehoinabarra.blogspot.com.es/2014/07/el-euskera-y-el-reino-de-nabarra.html)

Gure Estatuaren lurraldetasun mapak inbaditutako urteekin eta euskaren atzerapenaren mapak gainean ipiniz gero, erlazio zuzena dagoela argi gelditzen da, "Atlas histórico de Navarra" Eneko del Castilloren liburu berrian ikus-irakur daitekeenez. “Euskara da euskaldunon aberria” Victor Hugoren egia lehen zati bat du: “Nabarrako Estatua izan da euskararen kabia”. Indar politikoa galdu ahala, euskara atzeraka doa eta berarekin euskal kontzientzia. Gaur ere, Estatua eta gure hitz egiteko nahiak bakarrik bermatu dezakete gure hizkuntzaren etorkizuna: elementu biak beharrezkoak direlarik.

Gaurko euskaldunok diglosia hutsean bizi gara. Gaurko Euskal Herrian ezinezkoa da euskaraz bizitzea. Telebista kanalak erdaraz pila, irratiak, egunkariak eta zergatik ez esan, kolonoak, edo gure herrian integratzeko asmorik ez duen jendea, besteei eskatzen dieten errespetua euren kultura eta hizkuntzarentzako eurek guri ez digutenak adierazten.

Gure Estatuaren inbasio militarrak ez gaitu automatikoki beste Estatu bateko herritar bihurtzen, hori guk onartu beharko genuke, eta horrela ez den heinean, gure Estatua armez inbaditua dugun NAFAR HERRITARRAK GARA.