EZ DUT ABERRI EGUN HAU OSPATZEN NAFARRA NAIZELAKO

EZ DUT ABERRI EGUN HAU OSPATZEN NAFARRA NAIZELAKO
Alots Gezuraga



Beste “Aberri Egun” bat pasatu da eta alderdi abertzaleek, berriro ere, independentismoa edo Estatu propio bat edukitzeko aukera beste 364 egunez alboratu dute. “Euskal nazionalismoa” deritzona korronte politiko bat da, ez da euskaldun ororen ideologia bakarra, eta argi dago ez dela askatasuna berreskuratu nahi dugunon ideologia.

Euskal nazionalismoa Aranatarrek asmatutako korronte politiko bat da, aurreko euren karlismoa edo foralismoa albo batera utziz, gure Herrian harrera askozaz handiagoa zuenak. Euskal nazionalismoaren oinarria “Euzkadi da euskaldunen aberria” leloa zen, eta “Euzkadi” Estatu propio bat zen, bere bandera “ikurriña” deitzen zelarik. Gaur egun Aranatarren lan guzti hartatik sinbolismoa bakarrik gelditzen da, erabat desitxuratua: Euzkadi/Euskadi espainol “Autonomi” Erkidego baten izena da, ikurriña espainol autonomi horren bandera edo bestela folklore-turismorako sinbolo bat (Nafarroa Garaian bakarrik du eduki politikorik), “Euskal Gobernua” hirutan bananduta dago eta hiru Lehendakari faltsu daude (Espainia eta Frantziako administrazioko goi karguak direnak), Alderdi Eguna “mesedeak” eskatzeko eguna bada, Aberri Eguna politikoki Halloween egunaren parekoa bihurtu da (umeak izutzeko eguna… “kontuz inperialistak! askatasuna “eskatu” ahal dugu eta!)...baina ezer gutxi gehiago. Bi Autonomi Erkidegoetan eta Departamentuan, espainolek edo frantsesek lasai asko gobernatzen zuten edo gobernatzen dute, ikurriña ez du gaur inork askatasunarekin erlazionatzen eta Aberri Eguna alderdi politikoek bakarrik ospatzen dute, orokorrean oso jende gutxik parte hartzen duelarik. Beraz, euskal nazionalismoa eta bere sinbologia ez da gure Herriaren askatasuna nahi dugunon sinbologia.

Nazionalismoak ez bezala, nafarzaleok ez dugu ezer asmatu behar, gure Herriak berak eman zion Estatu bat bere buruari, garaiko inperialismoari aurre eginez, eta azkeneraino aurre egin zien ejertzito inperialistei gu konkistatzera etorri zirenean, 1000 urtez. Pixkanaka-pixkanaka, garaituak eta zatikatuak izan ginen, baina ez gara euren esanetara makurtu. Horregatik, ez dugu onartuko guk sortutakoa ez den egitura politikorik, sekulan egin ez dugun bezala, gure 40 Estatu buruek aukeratuak izan aurretik, Herritik sortutako legeek edo Foruak errespetatu behar zituztelarik, gure herrian oinarritutako estruktura politiko propioak genituelako. Gure egitura politikoak gure Herriaren lanaren fruitu izan behar dira eta ez inperialistek emanikoak, bigarren kasu honetan euren esanetara baitaude eta euren interesei erantzuten dute.

Nafarron helburua gure Estatua berrezarri eta martxan jartzea da, arrotz diren estruktura politikoei aurre emanez. Nafar Herriak, subjektu politiko bihurtuz gero berreskuratu dezake gure Estatua. Nazio buruek indarrak batu eta pausoak markatu beharko lituzkete, baina inperialismoari aurre egiteko indarra Herriek dute. Beraz, Herri honetan sinesten ez duenak ez dadila etorri, eta alderdi abertzaleek ez dute sinesten, argi uzten duten bezala egunero Espainia eta Frantziaren administrazioa gure lurraldean errotzeko egiten duten lan eskergaz, Aberri Egunaz kanpo.